Finantzaketa Jasangarriaren Espainiako Behatokiak (OFISO) Eusko Jaurlaritza saritu du "finantzaketa jasangarrian egindako bideagatik eta izandako lidergoagatik", 2018an hasitako bidea aitortuz.

Hain zuzen, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, otsailean bonu jasangarrien bederatzigarren jaulkipena egin zuen, eta 2018tik guztira 5.700 milioi euroko jaulkipena egin du. Gainera, inbertsiogileen eskaria jaulkipen bakoitzean eskainitakoa baino handiagoa izan da.

Arantza Larrauri Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak jaso du saria Ogasun eta Finantza Sailaren izenean, finantzaketa jasangarriaren merkatuaren bilakaerari buruzko informazioa, eztabaida eta topaketa sustatzen dituen sektore anitzeko behatokiak urtero egiten duen topaketan.

Aitortu duenez, sari hau "motibazio berezia da karbono gutxiagoko eta erresilientzia handiagoko ekonomia bateranzko trantsizioa gidatzeko gure misioan aurrera egin dezagun, baita azpiegituren garapena finantzatzeko gure konpromiso irmoari euts diezaiogun ere".

"Apustu horrek, ingurumena errespetatzeaz gain, erronka globalen aurrean gure ekonomiak duen erresilientzia indartuko du. Helburua etorkizun jasangarriago eta ekitatiboago baten alde egitea da", gaineratu du.

Foroan finantza sektoreko 250etik gora profesional eta lider bildu dira, eta, bere agerraldian, Finantza Politikako zuzendariak Jaurlaritzaren lidergoan jarri du arreta, hain zuzen, "2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin bat egiten duen eraldaketa hirukoitz batean: soziala, energetiko-ingurumenekoa eta digitala".

"Euskadi jasangarritasunaren erreferente izan dadin nahi dugu, garapen ekonomikoa modu arduratsuan, ekitatiboan eta ingurumena errespetatuz sustatuko duen erreferente", azaldu du.