Arabako Foru Ogasunaren dirubilketa guztira 761,9 milioi eurokoa izan da apirilean. Zehazki, iazko aldi berean baino 86,9 milioi euro gehiago bildu dira, eta, horri esker, % 12,9ko igoera izan da iazko urtearekin alderatuta.
Hazkunde horrek jarduera ekonomikoaren portaera ona islatzen du, ziurgabetasun ekonomikoa gorabehera.
Zuzeneko eta zeharkako zergek bilakaera positiboa izan dute, eta 761,9 milioi euroko dirubilketa lortu da haiei esker. Zehazki, zuzeneko zergek % 11,7ko igoera izan dute eta zeharkakoek, berriz, % 8,6koa.
DIRUBILKETA, GUZTIRA (laburpena)
Iazko aldi berean baino 86,9 milioi euro gehiagoko dirubilketa lortu da; hain zuzen, guztira, 761,9 milioi euroko dirubilketa metatua izan da, eta horrek esan nahi du % 12,9ko dirubilketa gehigarria izan dela.
ZUZENEKO ZERGAK: 332,7 milioi euro (% 11,7)
PFEZ: 273,1 milioi (% 10,3)
Hilabete honetan ere, lan atxikipenek % 9,2ko igoera nabarmena izan dute, eta horrek esan nahi du iaz baino 26,9 milioi euro gehiago bildu direla, alegia, 319,5 milioi euro.
Kuota diferentzialaren kontzeptuari dagokionez, % 6,1eko aldakuntza negatiboa izan du, aurten PFEZaren kanpaina hasi izanaren ondoriozko itzulketak azkarrago egiten ari direlako. Zehazki, emaitza 4,1 milioi euro negatiboagoa da, eta orotara -71,7 milioi euroko kuota diferentziala lortu du. Igoera horren arrazoia da denbora aldi berean aitorpen gehiago aurkeztu direla, eta Auzitegi Gorenaren zenbait epai izan direla, 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitateetan kotizatu zuten pertsonei onura ekarri dietenak.
PFEZa dela eta, guztira, 25,4 milioi euro gehiago bildu dira iazko aldi berean baino (% 10,3), eta 273,1 milioi euroko dirubilketa metatua izan da.
SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA: 45,7 milioi (% 9,8)
45,7 milioi euro bildu dira, hau da, 4,0 milioi eurotik gorako igoera izan da aurreko urtearekin alderatuta (% 9,8).
ZEHARKAKO ZERGAK: 344,2 milioi euro (% 8,6)
Zeharkako zergen bilakaerak dirubilketaren hazkundean lagundu du. Zerga horiek berehala islatzen dute jarduera ekonomikoa.
BEZa: 227,8 milioi euro (% 5,5)
Guztira, 227,8 milioi euroko dirubilketa izan da, hau da, 11,9 milioi euro gehiago bildu dira iazko urtearekin alderatuta (% 5,5).
HIDROKARBUROAK: 72,6 milioi euro (% 12,9)
Zerga horren bidez iaz baino 8,3 milioi euro gehiago bildu dira eta aurten bildutako zenbateko metatua guztira 72,6 milioi euro izan da.